XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- CONekin doan sintagma luze-konplexua bada, ez da funtzionala izango noski (posible den kasuan ere) euskarazko haren kalkoa.

- Nominalizazioren bat bada tartean, arrazoi bikoitzez jo beharko dugu bestelako egituretara (-N erlatiboetara edo, zehaztaileetan, eta perpaus askeagoren batera bestelakoetan). Aditza, nominalizazioak berak iradokiko digu.

- Sinpleagoetan ere, ez da beti egoki izango, ikusi dugunez, zenbaitek ohi duen bezain mekaniko itzultzea CON=-EKIN (-Z).

Ondorio orokorra, bada, behin eta berriro errepikatzen ari garena da: halako sasi-baliokidetasun automatikoei aurre egin, eta euskarak eskatzen duen modu auzoaren bihurrikeriarik gabean eman. Horrela esanik, zaila dirudi, baina sinetsi askoz errazagoa da azken buruan (irakurlearentzat, bereziki, baina baita idazlearentzat ere, berak sinesteko moduko euskara hori hobeto kontrolatuko baitu).

Kontua, bada, derragun hamaikagarrenez, erdara desbihurritzea da, eta ez euskara haren moldera, jakina bihurritzea. Erdararen bihurri-mihurriei antz emateko, ordea, testuak benetan ulertzerainoko arreta jarri behar zaie, eta ez, haren musika txistukatzeko gai garelako, letra osoaz jabetu garela uste izan. Horretarako borondatea faltatuz gero, alferrik ditugu guztiak (nire jardun luze hau bereziki barne).

Bistan denez, euskararen burujabetasunaren auzia ez dugu jatorkeria txobinistaren batengatik aldarrikatzen, hizkuntzaren funtzionaltasunaren ezinbesteko baldintza delako baizik. Kontrakotik esanik, kalkoak ez dira okerrak (oker diren kasuan, ez baita hala beti) erdaratik datozelako, behar ez bezalako interferentzi eta nahasteak sortzen dituztelako baizik.

CONen kasuan ustez garbi ageri denez, euskararen egiturak uzten digun neurriraino uzten diegu sartzen (eta hortik harago ere bai, askotan), eta gero hortik atera beharra dagoenean ditugu lanak.

8.5 TRINKOTZE-PROZEDUREN BESTE KASU BAT: PUNTUAZIOAREN HIGADURA

Trinkotze joera horren beste adibidetzat har daiteke bi puntuak koma soilaz ordezkatzea ere, gero eta maizago ikusten denez. Hona adibide bakar bat, bere soilean aski nabarmen, ez baitirudi inolako aitzakia sintaktikorik duenik berez dagozkion bi puntuei eusteko (idazpuru izateak badu zerikusirik halakoetan, grafismoaren diktaduraz, baina kasu honetan testu barnean ere halaxe dator).